Gure erkidegora gero eta etorkin gehiago iristeak eta gure lurraldean hainbat mendetatik bizi diren gutxiengo kulturalak egoteak erronka berriak planteatzen dizkio gure hezkuntza-sistemari. Horrez gain, hezkuntza berriztatzeko ildoak jarri behar dira abian, eta eskola kultura arteko dimentsiorako nola prestatuko den jorratu behar da. Horren bitartez, kultur pluraltasuna hain nabaria den mundu batean ikasle guztiak aurrera egiteko nola prestatu behar diren aztertuko da. Dena den, lehentasunez euskal kulturaren berezko balioak garatuko dira.
Ikastetxean dagoen aniztasunaren osagaietako bat osagai kulturala da, hau da, balio multzoak, errealitatea ulertzeko eta errealitatera egokitzeko moduak, ohiturak, antolamendua, espazioaren eta denboraren egituraketa, botere-erlazioak, elkarreragiteko jarraibideak eta arau aldakorrak.
Erantzun egokia eman ahal izateko eta ikasle guztiak barne hartu eta parte hartu ahal izateko, alderdi komunak eta desberdintasun kulturalak eta pertsonalak hartu beharko dira kontuan. Hortaz, ikasleetako bakoitzaren eta bertan dauden taldeen ezaugarri, interes eta premiei erantzun beharko die eskolak, eta ikasle orok gaitasun guztiak -gaitasun komunak zein beraien gaitasun bereizgarriak- garatzeko duen eskubidea errespetatu eta indartu beharko da. Aniztasun hori faktore aberasgarria izango bada, berdintasunaren, elkarrizketaren eta trukearen ikuspegitik planteatu beharko da aniztasuna. Hala eginez gero, ez da ikasle bat edo talde bat beste baten barruan integratu behar, ez da ikasle bat edo talde bat egokitu behar; aitzitik, guztiek integratu beharko dute eskola-taldean, bakoitzak bere bereizitasunak, ikuspuntuak, ohiturak, balioak, ezaugarriak eta alderdi komunak gaineratu beharko ditu, eta, hala, talde hori hurbildu eta kohesionatu egingo da.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak euskal hezkuntza-sistema osoari buruz egiten du gogoeta, baita hezkuntza-prozesuan hurbilen dauden bitartekoei buruz ere, hala nola eskolari eta aholkularitza eta laguntzarako eragileei buruz. Garrantzi berezia duten hainbat nabarmendu behar dira:
Eskolak garapenerako ingurune eta bitarteko egokiak eskaini beharko ditu, guztiak sartzen diren eskolaren ikuspegitik. Era berean, eskolak berak ikaskuntza arrakastatsua errazteko sortzen dituen oztopoak baztertu beharko dira.
Desberdintasunerako errespetua, eta eskubide eta aukeren berdintasuna uztartuko dituzten estrategiak bilatu behar dira, eta taldeen arteko elkarbizitza eta elkarrizketa sustatu beharko da.
Gutxiengoen kultura eskolara hurbiltzeak ikasgelako jarduna berriro planteatzea eskatzen du, eta horrek hezkuntza-jardueraren elementu guztietan eta curriculumaren funtsezko elementuetan eragina izango du.
Planteamendu orokorra egin beharko da, ikastetxearen bizitza osoan eragina izango duen planteamendua.
Planteamendu orokor hori kultura arteko ikuspegitik abiatuta egin beharko da, eta bertatik berraztertu beharko dira balioak, estrategiak eta helburuak.
Horrenbestez, hezkuntza-administrazioa -hezkuntza kudeatzeko irizpideen bitartez-, irakaskuntza, tutoretza eta laguntzarako eragileak, eta erkidegoaren beraren beste eragile batzuk inplikatuko dituzten ekintzak bideratu beharko dira.
Ildo horretan, honako alderdi hauek jorratuko dira: irakasleen prestakuntza-prozesuak nabarmentzea; hezkuntza-erantzun aberatsa planteatuko duten hezkuntza eta curriculumeko proiektu inklusiboak sustatzea; hizkuntza indartzeko baliabideak hornitzea; atzerriko ikasle etorkinak euskal kulturan sar daitezen bultzatzea; gure gizartean dauden beste kultura batzuen elementuak curriculum-proiektuetan sartzea, horiek hobeto ezagutu eta baloratzeko eta aurreiritziak eta estereotipoak arbuiatzeko; familiak eta eskola inplikatzea, ikasle etorkinek eta gutxiengoen kulturetako familietako ikasleek eskolan arrakasta lortzeko proiektuetan; laguntza pertsonalak eta ekonomikoak ematea, eta abar.